Datorren 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean martxan jarriko da Euskaraldia, Euskal Herri mailan. Helburua da epe horren baitan, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea.
Ekimenean parte hartzeko herri askok eman dute izena dagoeneko eta ondoren (udazkenean) irekiko da herritarren izenematea. Bi modutan parte hartu ahal izango da: Ahobizi edo Belarriprest moduan.
- Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
- Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Aramaion bigarren bilera
Aramaion dagoeneko egin zen lehendabiziko bilera martxoan, eta bertan adostu zen izena ematea eta ekimenean parte hartzea. Ondoren zehaztuko dira Aramaion egingo diren ekintzak eta nola gauzatuko den Euskaraldia.
Horretarako, beste bilera batzuk ere egingo dira, eta bihar izango da bigarrena.
Hauek dira xehetasunak:
- Gaia: Euskaraldia Aramaion
- Eguna: apirilak 11, asteazkena.
- Ordua: 18:30
- Tokia. Pleno aretoa